partekatu
• BOOKSTART EUSKADI
Bookstart Euskadi-Gipuzkoak bere presentzia sendotu du Lasarte-Orian familien harrera bikainarekin
Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Mestiza elkarteko ordezkari Ana Molinak 2024ko balantzea eta programaren berrikuntzak aurkeztu dituzte.

Lasarte-Oriako Udalak Bookstart Euskadi-Gipuzkoa 2025 programa aurkezteko prentsaurrekoa hartu du gaur goizean. Mestiza elkarte artistiko eta soziokulturalak bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin.
Agerraldian Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok eta Mestiza elkarteko lehendakari eta programaren bultzatzaile Ana Molinak hartu dute hitza, eta 2024. urtean lortutako emaitzak eta edizio berriaren helburuak partekatu dituzte. Igande honetan bertan hasiko da, Udal Liburutegian, ikasturteko lehen saioarekin.
Irakurzaletasuna haurtzarotik sustatzen duen programa
Bookstart Euskadi-Gipuzkoa programa 0-3 urte bitarteko haurrei (udalerri batzuetan 5 urte arte) eta beren familiei zuzendutako ekimen unibertsala da. Parte hartzen duen familia bakoitzak urtero liburu sorta bat jasotzen du doan, kontu handiz aukeratuak, irakurzaletasuna, abestiak eta errimak bizitzako lehen hilabeteetatik sustatzeko. Gainera, behar bereziak dituzten adingabeentzako edizio egokituak ere badaude (entzumen, ikusmen edo mugimendu zailtasunak dituztenentzat).
Ana Molinak bere hitzaldian gogorarazi zuenez, “Bookstart ez da soilik irakurketa sustatzeko programa bat, komunitatea sortzen duen proiektu bat ere bada. Familiek beren egunerokoaren parte sentitzen dute jada, eta jarraipena eskatzen dute, hezkuntza-, afektibitate- eta gizarte-baliabide gisa ikusten dutelako. Kultura, elkartzen gaituen eta gizarte enpatikoago eta toleranteago bat eraikitzeko aukera ematen digun hari eroale bihurtzen da”.
Mestizako ordezkariak, era berean, erakundeen elkarlanaren eta herritarren erantzunaren garrantzia azpimarratu zuen: “Lasarte-Orian programa egiten dugun hirugarren urtea da hau, eta horrek erakusten du izaten ari den eragin positiboa. Zifrek hala erakusten dute: iaz Liburu Baby Klubaren 18 saio egin ziren, eta ia 700 lagunek parte hartu zuten, familia, haur eta gaztetxoen artean. Oso bolumen altua da, familiek irakurketa partekatuari ematen dioten interesaz eta balioaz hitz egiten duena”.
Oso balantze positiboa Lasarte-Orian
2024 Laburpen Estatistikoaren datuen arabera, Lasarte-Orian Liburu Baby Klubaren 18 saio egin ziren, guztiak Udal Liburutegian, eta guztira 673 pertsonak hartu zuten parte: 319 haurrek eta 354 helduk. Azken horien % 69,2 amak izan ziren, eta % 29,1, aitak. Gainera, zazpi nazionalitatetako familiak nabarmendu ziren (Venezuela, Peru, Argentina, Mexiko, Ekuador, Errumania eta Portugal), eta horrek indartu egiten du proiektuaren izaera inklusiboa eta multikulturala.
Lourdes Acevedo zinegotziak Mestiza elkartearekin batera egindako lana eta ekimenaren dimentsio soziala nabarmendu zituen:
“Hasieratik atentzioa eman zigun haurtxoei zuzendutako programa batek hainbesteko eragina izan zezakeela, baina berehala ulertu genuen horren balioa. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, ahotsa, tonua eta lotura funtsezkoak dira garapen emozional eta kognitiboan. Proiektu honek funtsezko zerbait gogorarazten digu: ez da diru kontua, denbora kontua baizik. Heziketarik onena denbora partekatuan oinarritzen da, eta une horietan familia loturak indartzen dituzten liburuen inguruan”.
2025eko berrikuntzak: jasangarritasuna eta irisgarritasuna
Ana Molinak aurreratu duenez, datorren igandean, 11:00etan, Liburu Baby Klubaren ikasturte berriko lehen saioa egingo da Udal Liburutegian, eta familiek bertan jaso ahal izango dituzte liburu-pakete berriak.
“Aurten Liburu Pakaren formatua berritu dugu: poltsa izatetik material birziklagarriekin egindako kutxa izatera pasa da. Proiektua defendatzen ditugun iraunkortasun balioekin koherentea izatea nahi dugu”, azaldu zuen.
Programak bere ikuspegi eleaniztuna mantentzen du, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko tituluak gehituz, eta doakoa eta irisgarria izaten jarraitzen du udalerrian erroldatutako familia guztientzat, harrera-erregimenean dauden haurrak barne.
“Bookstart etxe guztietara iristeko pentsatuta dago, salbuespenik gabe, eta lehen haurtzarotik aukera berdintasuna eskaintzeko. Izan ere, elkarrekin irakurtzeak ez du hezten bakarrik: batu eta eraldatu ere egiten du”, azpimarratu zuen Molinak.
Bookstart Euskadi-Gipuzkoa 2022an jarri zen martxan Ordizian eta, ordutik, etengabe hazi da. 2023an Lasarte-Oria batu zen, eta 2024an Alkiza, Larraul, Orio eta Urnieta sartu ziren. 2025 honetan Ataun, Idiazabal eta Legorreta batzen dira, guztira Gipuzkoako lau eskualdetako bederatzi udalerritara iritsiz: Donostialdea, Urola Kosta, Goierri eta Tolosaldea.
“Urtetik urtera gero eta udal gehiagok egiten dute bat sare horrekin, eta horrek erakusten du irakurketaren, haurtzaroaren eta kulturaren aldeko konpromiso partekatua dagoela, gizarte-ongizatearen zutabe gisa”, amaitu zuen Ana Molinak.
Dokumentuak deskargatu
Dokumentuak deskargatu