partekatu
• EUSKARAREN MARATOIA
Arrakastatsua izan da Euskararen Maratoiaren 11. edizioa, milaka herritarren parte-hartzearekin eta euskararen etorkizunari buruzko hausnarketa kolektiboarekin
Milaka lagunek parte hartu dute asteburuan Lasarte-Orian lau urtean behin ospatzen den ekimen honen edizio berrian. Jai-giroaz eta herritarren parte-hartze zabalaz gain, aurtengo Maratoiak lehen aldiz kafe-tertulia bat ere jaso du, euskararen egoerari eta erabilerari buruzko kezkak, iritziak eta proposamenak partekatzeko.
Euskararen Maratoiko 11. edizioa arrakastatsua izan da. Hala ikusarazten dute, hain zuzen ere, asteburuko ekintza eta jardueretan izandako milaka lagunen parte-hartzeak. Izan ere, lau urtean behin egiten den ekimenak herritarrak euskararen inguruan elkartu ditu beste behin, eta herriko kaleak eta plazak topaketarako, parte-hartzerako eta elkarbizitzarako gune bihurtu ditu.
Giro bikaina eta parte-hartze handia izan dira aurtengo edizioaren ezaugarri nagusiak. Asteburu osoan zehar, adin guztietako herritarrek hartu dute parte, eta Euskararen Maratoiak herria mobilizatzeko eta euskararen erabilera jai-giroan, modu hurbilean eta kolektiboan sustatzeko duen gaitasuna agerian geratu da beste behin.
Jarduera eta ospakizunez harago, 11. edizio honek euskararen egungo egoerari, erronkei eta eguneroko erabileran aurrera egiten jarraitzeko aukerei buruz hausnartzeko espazioak ere zabaldu ditu.
Kafe-tertulia, herritarrak entzuteko eta euskararen inguruan hausnartzeko
Aurtengo edizioaren berritasunetako bat lehen aldiz antolatutako kafe-tertulia izan da. Ekimenaren helburua izan da euskararen inguruko iritziak, kezkak eta proposamenak plazara ateratzea, herritarren arteko elkarrizketa sustatuz.
Topaketan 35 bat lagunek parte hartu dute, tartean Xumela, AEK eta EAGIko ordezkariek eta norbanakoek. Horrez gain, elkarrizketan zuzenean parte hartu ez duten herritarren ekarpenak jasotzeko galdetegi bat ere jarri da martxan, eta ehundik gora erantzun jaso dira.
Goizeko 9:00etan hasi zen saioa,Santa Ana Parodia taldearen emanaldiarekin. Euskararen egoerari buruzko parodia baten bidez, umorez eta irribarrez girotu zuten topaketa, ondoren taldeetan landuko ziren hainbat gairi bide emanez.
Proposamenaren helburua giro lasai eta atseginean iritzi desberdinak partekatzeko, kezka komunak identifikatzeko eta etorkizunean euskara sustatzeko baliagarriak izan daitezkeen ideiak jasotzeko espazio ireki bat sortzea izan da.
Eguneroko erabilera, gazteria eta hizkuntza-jarrerak, eztabaidagai nagusien artean
Kafe-tertulian euskararen egungo egoerarekin eta etorkizuneko erronkekin lotutako hainbat gai jorratu ziren. Besteak beste, euskararen aldeko mezuak zabaltzeko moduak, gazteen hizkuntza-ohiturak, teknologia berriek euskararen erabileran duten eragina eta euskaraz hitz egiteko gaitasuna eta konfiantza izan ziren hizpide. Halaber, euskaldun berrien ahalegina balioan jarri zen, hitanoaren erabilera sustatzeko beharra aipatu zen eta euskaldunen zein euskara ez dakiten pertsonen hizkuntza-jarrerei buruz hausnartu zen.
Elkarrizketetan ikuspegi eta iritzi desberdinak azaldu ziren, baina guztiek euskararen erabilera sustatzeko bide berriak bilatzearen garrantzia jarri zuten mahai gainean. Bereziki, belaunaldi berrien errealitatera egokitzeko, egunerokoan euskara erabiltzeko aukerak zabaltzeko eta herritarren arteko elkarlana indartzeko beharra nabarmendu ziren.
Etorkizunean jarraipena izango duen hausnarketa
Kafe-tertulian jasotako ekarpenek eta galdetegiaren bidez bildutako ehundik gora erantzunek ikuspegi desberdinak eskaintzen dituzte euskarak Lasarte-Orian dituen erronkei buruz. Iritzi horiek kontuan hartuko dira etorkizuneko lanketa-ildoak zehazteko garaian, herrian euskararen ezagutza, erabilera eta presentzia sustatzen jarraitzeko helburuarekin.
Asteburuko balorazio positiboak Euskararen Maratoiak herritarren topagune gisa duen balioa indartu du, baina, aldi berean, euskararekiko konpromisoa ospakizun jakin batetik harago doala gogorarazi du. Momentuko erronka nagusia da orain bultzada horri datozen lau urteetan eustea eta euskarak Lasarte-Oriako kaleetan, harremanetan eta eguneroko bizitzan presentzia izan dezan aukerak sortzen jarraitzea.