partekatu
• EUSKARALDIA
Jantzi zank! Txapa jaso eta Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldiak Okendon
Ostiralean 16:00etatik 21:00etara eta larunbatean 11:00etatik 14:00etara txapak jasotzeko mahaiak eta ekitaldiak antolatu dira Okendo plazan
![1. argazkia](https://www.historicosocialistasguipuzcoanos.com/imagenes/noticias/18-11-23-Euskaraldiaren-hasiera.jpg)
Euskaraldiko hamaikakoa prest azaldu da izena eman duten herritar guztiekin batera Euskaraldiaren zinta moztu eta 11 egun euskaraz! jardunari hasiera emateko. Jon Antxordikik, Euskara Batzordeko lehendakariak, eta Tomas Arrizabalagak Ttakuneko lehendakariak lagunduta, Euskaraldian izena eman duten ahobizi eta belarriprest guztiak deitu dituzte ostiral eta larunbat honetan Okendora hurbildu eta hizkuntza-ohiturei astindu bat emateko helburua duen ariketa kolektibo honi guztiok batera hasiera ematera.
Bakoitzak aukeratu duen rolaren txapa eta gomendioak jasotzeko mahaiak egoteaz gain, hamaikakoak hainbat ekintza antolatu ditu Euskaraldiaren 11 egunei ahalik eta hasiera indartsuena emateko.
17:30etan, Punttu-punttuan
Euskaraldiaren bidaiara ongi etorria emanaz hasiko dira emanaldiak 17:30etan. Gazteen bertso-eskolakoen saioak, DBH1-2koek prestatutako emanaldiak eta “Heldu da onena” abestiaren estreinaldia izango da.
19:00etan, Euskaraldi ON!
Txapinazo ofiziala 19:00etatik aurrerako emanaldiaren barruan emango zaio Euskaraldiari. Aurkezlea Ane Igartipunturen eskutik izango da eta Dinbi Bandaren eta Erketzen laguntza izango du horretarako. Globokakadak, abestiak, dantzak eta elkarrizketak ere ez dira faltako.
20:30etan, Hartu kontrola, egizazu rola!
Ostiraleko hasiera-ekitaldia “Las gitanillas”en emanaldiarekin hasiko da bukatzen, baina lehenago Safri Duo ere berriz Okendon sentitu ahal izango da.
Larunbatean, Ttipi-ttapa, goatzen!
Larunbat goizean ere, 11:00etatik 14:00etara, mahaiak irekita egongo dira eta bertaratzen diren guztiek, txapa eta gomendioak jasotzeaz gain, Jalguneko, Ttirriki-ttarrako eta Xumelako lagunen emanaldiez gozatu ahal izango dute.
Goiz erdian, Porrotxek ere emanaldi bat emango du eta Mary Jong!en bisita ere iragarri dute. Dirudienez, emakume honek balkoietako puntuen errekorrak aztertzen ditu eta gure herriko azterketak izan duen emaitza azalduko die bertaratuko diren haur eta guraso guztiei.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala