Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   GARRAIO ESKOLARRA

Landaberrira iristeko arazoen aurrean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak izan duten jardungabezia salatu du alkateak

Alkatea eta gobernu-taldeko zinegotziak arduratuko dira Landaberri ikastetxe publikoko sarbidea erregulatzeaz, Hezkuntza Sailari eta Donostiako Udalari eskola horretako sarbidearen arazo larria konpon dezaten exijitzeko.

1. argazkia

Gaur goizean, ikasturtea hastera zihoala eta, Lasarte-Oriako alkatea, Jesus Zaballos, eta haren gobernu-taldeko zinegotziak pertsonalki hasi dira Landaberri ikastetxe publikoko sarbidea erregulatzen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak nahiz Donostiako Udalak arazoaren aurrean izan duten jardungabeziaren salaketa gisa.

Ekainaren 7an txosten bat bidali zitzaion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, Landaberri ikastetxeko sarbideak zituen arazo larrien berri emanez. Txosten horrek aldapa automobilen zirkulaziorako ixtea gomendatzen zuen, bide-zorua gero eta hondatuagoa baitzegoen eta beharrezkoa baitzen berehala jardutea.

Nahiz eta Udala behin eta berriro saiatu den Hezkuntza Sailak sarbidearen arazoa behin-behinean konpon zezan eta aldapa egokitzeko obretarako tramitazioa abia zezan, departamentu horrek ez du ezer egin, eta horrek arazo larria eragin die eskola horretara joan behar duten bostehun inguru neska-mutilei.

Egoera horren aurrean, Donostiako Udaleko Mugikortasunaren arloarekin harremanetan jarri da alkatea, ikastetxea udalerri horren lurretan kokatua baitago, ikastetxera sartzeko orduetan segurtasuna bermatzeko neurriak har ditzaten. Pilar Arana mugikortasuneko zinegotziak erantzun du ez daukala pertsonal nahikorik lan hori egiteko eta eskaerari idatziz erantzungo diola.

Alkateak Marisol Garmendia espazio publikoetako zinegotziarekin ere hitz egin du, eta, arazoa azaldu diolarik, eskatu dio Donostiako Gobernu-Batzarrak gai hau urgentziaz trata dezala astearte honetan egingo duen bileran.

Arazoa garrantzizkoa denez gero, ehunka familia lasarteoriatarri eragiten baitie, eta Lasarte-Oriako Udalak beste udalerri batera udaltzainik bidali ezin duenez gero, ez baitauka horretarako eskumenik, Jesus Zaballos alkateak eta haren gobernu-taldeak hartu duten erabakia izan da Landaberri ikastetxeko sarbidearen kontrolaz pertsonalki  arduratzea eskolara sartzeko orduetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren nahiz Donostiako Udalaren Mugikortasuneko Zinegotzigoaren jardungabeziaren salaketa gisa, harik eta zentzuzko irtenbide bat aurkitzen den arte.

 

Zirkulazioaren etenaldia, eskolako autobusak bakarrik erabiltzeko, 8:15etik 9:15era eta 12:15etik 14:00etara izango da.

 

Iturria: Lasarte-Oriako Udala