partekatu
• CIMASUB
Lasarte-Oriak CIMASUB Tour 24/25hartuko du itsas kontserbazioari eskainitako programa batekin
Itsaspeko Zinema Nazioarteko Jaialdiak 17. edizioa ospatuko du, itsasoen garrantziaz kontzientziatzeko proiekzio, erakusketa eta hezkuntza-jarduerekin.
![1. argazkia](https://www.historicosocialistasguipuzcoanos.com/imagenes/noticias/presentacion-cimasub.jpg)
Manuel Lekuona Kultur Etxea izan da Itsaspeko Zinema Nazioarteko Zikloaren (CIMASUB) Tour 24/25 aurkezpenaren eszenatokia, zeina otsailaren 10etik 27ra bitartean egingo baita herrian. Prentsaurrekoan Agustín Valdivia alkateak, Ainara Elicechea Kultura zinegotziak, Jesús Mari Eguiazabal Danok Kide ordezkariak eta David Sánchez jaialdiko zuzendariak hartu dute parte.
Agustín Valdivia alkateak eman dio hasiera ekitaldiari, jaialdi hau ingurumen-kontzientziaziorako tresna gisa duen garrantzia azpimarratuz. "Batzuetan itsasoa urrun dagoela pentsatzen dugu Lasarte-Oriarentzat, baina gogoratu behar dugu itsasoa gu geu garela, gure ekintzekin hasten dela. Gure inguruko ekintza orok eragin zuzena du itsasoetan. Oria ibaia da gure lotura itsasoarekin, eta bere babesa ere gure ardura da", adierazi du. Ildo horretan, Udalaren konpromisoa azpimarratu du ingurumenaren babesarekin, jasangarritasuna eta ingurumen-hezkuntza sustatzen dituzten ekimenak bultzatuz.
Bestalde, Ainara Elicechea Kultura zinegotziak jaialdiaren garrantzia nabarmendu du Lasarte-Oriarentzat: "CIMASUB aukera paregabea da itsaspeko mundura hurbiltzeko eta irudi ikusgarriak gozatzeko. Gainera, itsasoen inguruan gehiago ikasteko eta haiek zaintzearen beharra ulertzeko baliagarria da. Lasarteoriatar guztiei animatzen diet programaz gozatzera eta parte hartzera”.
Elicecheak David Sánchez CIMASUBeko zuzendariari eman dio hitza, eta honek jaialdiaren 17. edizioko programa xehetasunez azaldu du. Lasarte-Orian hainbat jarduera eskainiko dira herritar guztientzat. Hiru saiotan, otsailaren 10ean, 17an eta 24an, 17 film labur eta 3 dokumental proiektatuko dira, itsaspeko munduaren edertasuna eta aurrean dituen ingurumen-erronkak islatzen dituztenak. "Aurten, irudien edertasunaz harago, mezu argia helarazten duten ekoizpenei lekua eman nahi izan diegu. Film bakoitza ozeanoen hauskortasunaz eta gure gizarteak duen erantzukizunaz ohartarazteko deia da", azaldu du Sánchezek.
Jaialdiak hezkuntza-saio berezi bat ere eskainiko du, “Txikiziklo Submarino”, otsailaren 10ean, 10:00etan Manuel Lekuona Kultur Etxean. Lehen hezkuntzako ikasleei soilik zuzendutako jarduera honek itsas ekosistema ezagutzera hurbiltzea eta ingurumenarekiko jarrera arduratsua sustatzea du helburu.
Halaber, otsailaren 10etik 27ra bitartean, CIMASUBeko argazki-erakusketa zabalik egongo da publikoarentzat. Bertaratzen direnek itsasoen edertasunean murgiltzeko aukera izango dute, itsaspeko argazkilari ospetsuek ateratako irudi ikusgarrien bidez. Erakusketa astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da, 17:00etatik 20:00etara, Manuel Lekuona Kultur Etxean.
Agustín Valdivia alkateak ekitaldia itxi du, ingurumenaren babeserako ekintza lokalaren garrantzia azpimarratuz: "Gure ibaiek eta gure lurrak zuzenean eragiten dute itsasoetan. Eguneroko keinu txiki bakoitzak garrantzia du: hondakinak gutxitzea, Oria ibaia zaintzea eta bizimodu jasangarriagoa sustatzea. CIMASUBek gogorarazten digu guztiok garela bizitzaren kate honen parte eta haren kontserbazioan dugun erantzukizuna”, amaitu du.
CIMASUB Tour 24/25 Lasarte-Oriara iritsiko da Udalaren eta hainbat erakunderen laguntzarekin. Ekintza guztiak doakoak izango dira. Programazio eta jarduerei buruzko informazio gehiago jasotzeko, jaialdiaren webgunea bisitatu daiteke: www.cimasub.com.
Datu interesgarriak
- Itsaspeko zinema: Otsailaren 10ean, 17an eta 24an. Manuel Lekuona Kultur Etxea. 19:00etan. (Sarrera librea, sarrerarik gabe)
- Txikiziklo Submarino: Otsailaren 10ean. Manuel Lekuona Kultur Etxea. 10:00etan. (Jarduera lehen hezkuntzako ikasleentzat soilik)
- Argazki-erakusketa: Otsailaren 10etik 27ra. Manuel Lekuona Kultur Etxea. Astelehenetik ostiralera, 17:00-20:00. (Sarrera librea)
Saioak
Lehen saioa - Otsailak 10
- Shark Man - The Depths Within, Peter Loesekek Polinesia Frantsesean filmatutako film laburra.
- Kallaikoi - El mar de las meigas, Jorge Martínez Vázquezen lana, Galiziako ur hotzetan eta planktonaren ugalketan sakontzen duena.
- Metropolis - A Day in Reef City, Luca Kellerrek zuzendua, Indonesiako, Maldivetako eta Timor-Lesteko arrezifeetan barrena 14 minutuko bidaia bat.
- Nadar con Fantasmas, Damián Ramos Díazek Kanarietan egindako kontserbazio-lanaren testigantza.
- Urak Lawoi, Brothers of the Sea, Telmo Iragorrik eta Manuel Coronadok zuzendutako 70 minutuko dokumentala, Thailandian grabatua.
Bigarren saioa - Otsailak 17
- A Dragon’s Dance, Dean Spraakman australiarraren 5 minutuko film laburra.
- Equilibrio: El balance oculto del océano, Juan Carlos García Carrillorena, Mediterraneoan eta Maldivetan filmatua.
- Anima Oceani, Rafael Herrero Massieuren lan bat, Kanariar Uharteetan grabatua.
- Islas Cíes: biodiversidad amenazada, José Irisarri Castroren 5 minutuko film laburra.
- Sharks, Leandro Blancok zuzendutako 7 minutuko film hunkigarria, marrazoen ustiapen komertzialaren errealitatea azaleratzen duena.
- Momentos, José Carlos Rando Lararen film laburra, Malagan eta Granadan grabatua.
Hirugarren saioa - Otsailak 24
- Red Alert on Corals, Olivier Bourgeois eta Emma Josefina Petterssonen 4 minutuko film laburra, koralezko arrezifeen krisia lantzen duena.
- Raja Ampat. The last paradise, David Galván Fernándezek zuzendua, Indonesiako uretara eramaten gaitu.
- A Truly Plastic Neutral Fishery, Pepe Brixen dokumentala, Azoreetako arrantzaleen plastikozko neutraltasunaren bilakaera azaltzen duena.
- Magic of the Macroverse, Alfred Schaschl-en film irabazlea, ozeanoaren mirari txikienak erakusten dituena.
- Heart of the Sea, Shireen Rahimi bermudiarraren 10 minutuko lana.
- Nika - El calderón tropical, Felipe Ravina eta José Hernándezek zuzendua, urrezko Barandilla irabazi duena.
Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udal