Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   OPORRAK BAKEAN

Lasarte-Oriak Sahararekin duen elkartasun-konpromisoa berretsi du "Oporrak Bakean" programaren bidez

Harrera-familiak martxoaren 15era arteko epea dute programarekin bat egiteko.

1. argazkia

Lasarte-Oriako Udalak, Tolosaldea Sahararekin elkartearekin elkarlanean, "Oporrak Bakean" programaren edizio berria jarri du martxan. Ekimen honek Saharako haurrei aukera ematen die udako hilabeteak harrera-familiekin igarotzeko. Aurten, kanpainaren leloa "Esperantzari leiho bat" izango da.

Gaurtik aurrera eta martxoaren 15era arte, "Oporrak Bakean 2025" kanpaina martxan izango da, ahalik eta haur gehienei aukera hau eskaintzeko helburuarekin. Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute Lasarte-Oriako alkateak, Agustín Valdiviak, Gizarte Zerbitzuen, Berdintasunaren, Garapenerako Lankidetzaren eta Osasunaren zinegotziak, Nuria Fernándezek, eta hainbat harrera-familiek eta elkarteetako ordezkariek. Ekitaldian programaren garrantzia nabarmendu da, eta herritarrak ekimenarekin bat egitera animatu dituzte.

Lasarte-Oriako alkateak, Agustín Valdiviak, udalerriak programarekin duen konpromisoa berretsi du: "Urte asko daramatzagu Lasarte-Orian herri solidario eta konprometitua garela erakusten. Oporrak Bakean programak ez die bakarrik ongizatezko uda bat eskaintzen haurrei, baizik eta haien herriari gure babesa eta elkartasuna adierazteko aukera ere ematen digu. Saharar herriak baldintza oso gogorretan jarraitzen du borrokan, eta horregatik, gure elkartasuna ezinbestekoa da."

Bestalde, Nuria Fernández zinegotziak, harrera-familien lana goraipatu du: "Haur bat udan hartzea eskuzabaltasun keinu ikaragarria da. Aurreko edizioetan parte hartu duten familiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta familia berriei etxea irekitzera animatu nahi diegu. Hau ez da soilik haur sahararrentzat aberasgarria, baita harrera-familientzat eta gure komunitate osoarentzat ere."

Antolakuntzatik, programaren garrantzia nabarmendu dute: "Urtero, gero eta haur saharar gehiagori uda segurua eta zoriontsua eskaintzeko lan egiten dugu. Baina helburua ez da soilik hori; aldi berean, haur horiek errefuxiatu-kanpamentuetan bizi duten egoera ikusarazi nahi dugu. Zenbat eta familia gehiago batu, orduan eta haur gehiagok izango dute aukera denbora batez desertuko baldintza gogorretatik ihes egiteko, non udan tenperaturak 50 gradura iristen diren."

Harrera gehiago lortzeko elkarlan ahalegina

Azken urteotan, Euskal Autonomia Erkidegora iritsi diren haur sahararren kopurua gora egiten ari da: 2022an 153 haur, 2023an 183 eta 2024an 188. 2025ean, helburua da kopuru hori areagotzea eta harrera-familia gehiago lortzea, haur gehiagok esperientzia hau bizi ahal izateko.

Horrez gain, 2025eko udan, harrera-familiez gain, lau aterpetxe izango dira harrera-programarako: hiru Bizkaian eta bat Gipuzkoan. "Familien garrantzia nabarmendu nahi dugu, baina baita aterpetxeen ekarpena ere, zaintza komunitarioaren ikuspegitik. Familia zein aterpetxe izan, denok elkarrekin lan egin behar dugu. Familia bat gehiago lortzen dugun bakoitzean, haur bat gehiago izango da udan baldintza hobeetan bizitzeko aukera izango duena", adierazi dute antolatzaileek.

Harrera-prozesua

Harrera-familiek hainbat hautaketa-fase igaro behar dituzte, besteak beste, elkarrizketak eta dokumentazio aurkezpena. Azken onarpena Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gobernuaren Ordezkaritzaren esku dago. Prozesua amaitutakoan, familiek esleitutako haurraren informazioa jasoko dute, eta haurrak ekaineko azken astean iritsiko dira Lasarte-Oria.

Haurrek honako jardueretan parte hartuko dute:

  • Goizeko txokoak, uztailaren goizetan.
  • Osasun-azterketak, pediatra eta dentistarekin.
  • Igeriketa-ikastaroak, uztaileko bigarren eta hirugarren astean.
  • Txangoak eta harrera-familiekin antolatutako ekintzak.

Harrera-familiei laguntza

Haurrei ongizatea bermatzeko, programak itzultzaile-begirale saharar bat kontratatuko du, eta harrera-familientzako bilerak antolatuko dira behar logistikoak koordinatzeko, hala nola eskolako materiala, arropa edo ekipamendu bereziak hornitzeko.

Ekimen honekin, Lasarte-Oriak bere elkartasun-konpromisoa berresten du, urtero, udan, haur sahararrak bake eta bizikidetzarako gune bat aurki dezaten herrian.

Informazio gehiago eta kontaktua

Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala