partekatu
• ORIA IBAIA
Oria ibaiari buruzko informazio-panelak finantzatuko ditu Añarbek
Añarbeko Urak-ek 8.887 eurorekin finantzatu du Oria ibaiaren biziberritzeari buruzko bi panel instalatzea, Lasarte-Orian zeharreko ibilguan bi parke sortu dituelarik: ibaikoa Zumaburun eta erriberakoa Michelinen.
Lasarte-Oriako alkate Jesus Mari Zaballosek eta Añarbeko Urak-eko zuzendari-gerente Jose Angel Ercillak, Oria ibaiaren erriberan jarri diren bi panelak aurkeztu dituzte, Lasarte-Orian zeharreko zatiaren biziberritzeari buruzkoak.
Ekimen hau Añarbeko Urak-en 50. urteurrenaren barruan kokatua dago, programa bat sortu baitzuen kide diren udalen hainbat ekimen finantzatzeko, betiere urarekin zerikusia dutenak.
Alkateak eskerrak eman zizkion Añarbeko Urak-i udalak kontuan izateagatik eta ekintzen zabalkundean esku hartzeagatik, besteak beste, Lasarte-Orian finantzatutakoa, zeinen helburua baita Oria ibaiaren eta bere bazterren balio paisajistikoa eta biologikoa azpimarratzea. Zaballosek gogorarazi zuen Lasarte-Oriako Udaletik ekintza ugari egin direla Oria ibaiaren herrian zeharreko ibilgua balioan jartzeko eta berreskuratzeko, herritarrek goza dezaten. Honako hau, esaterako, ekintza informatiboa da.
Añarbeko Urak-eko zuzendari-gerentea pozik agertu zen bi panel hauek jarri direlako, urteetan zehar egindako lanaren erakusgarri baitira, ez bakarrik uraren horniketan zerbitzu on bat emateko, baizik eta saneamendu-sare bat sortzeko, ibaietarako isuriak saihestuko dituena eta biziberritzen lagunduko diena.
Informazio-panelak Lasarte-Oriako bi erribera-parketan jarri dira. Lehenengoren helburua da ezagutaraztea Zumaburu bezalako eremu industrial hondatu batean egindako lana. Kasu honetan, egoki jo zen kanalizazioko harresia naturalizatzea, erribera berreskuratzea eta ibai-parke berde bat sortzea, urmael eta guzti, erriberako habitatetako ohiko espezieak erakarriko dituena. Jarduketa hau, ingurumeneko praktika on gisa jaso zen 2014ko ingurumeneko praktiken eskuliburuan, baita ere Konponbide naturalak: EAEko praktika onen aukeraketa (2017) publikazioan. Gainera, erreferentziazko ekintzatzat jo da EAEko esparru lokaleko aldaketa klimatikora egokitzeko konponbide naturalak (2017) publikazioan.
Bigarren panela Michelingo erriberako parkean jarri da eta ezagutzera eman nahi du Oria ibaiaren ertz degradatuaren ingurumena berreskuratzeko jarduketa, eremu industrial honetan egin dena.
Artelatz enpresak diseinatu ditu panelak, eta Protec enpresak egin eta jarri ditu, 8.887 euroko aurrekontu totalarekin.
Iturria: Lasarte-Oriako Udala