Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE LASARTE-ORIA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   SANTA ANA JAIAK

Santa Ana jaiak larunbatean itzuliko dira, parodia protagonista dela

Aurtengo edizioak izaera berezia izango du, parodiaren 75. urteurrena beteko baita. Uztailaren 26an, larunbata, Okendo plazan antzeztuko da.

1. argazkia

Pasa den asteartean, uztailaren 22an, Santa Ana 2025 jaietako egitaraua aurkeztu zen. Prentsaurrekoan parte hartu dute Agustin Valdivia alkateak, Txus Alonso Jaietako zinegotziak eta Arkaitz Illarramendik Ttakun Elkartea kultur elkartearen izenean.

Herrian tradizio handiko” jaiak direla gogorarazi du alkateak eta gure ohiturak bizirik mantentzearen balioa nabarmendu du. “San Pedroko ajearen ondoren, Santa Anak jaia berpiztu du berriro Lasarte-Orian”, adierazi du.

Bestalde, Jaietako zinegotziak azpimarratu du programazioa Ttakun Elkartearen esku dagoela, eta Udalak lankidetza hitzarmena duela haiekin. Parodiaren 75. urteurrena ere azpimarratu du Alonsok, “aurten bertsio musikala eta hainbat sorpresa izango dituen ezinbesteko hitzordua”, eta jardunaldia Pala Txapelketaren finalarekin osatuko dela jakinarazi du, 40. edizioa izango baitu.

Arkaitz Illarramendik azaldu duenez, Santa Anako karkaban ikurrina altxatuta hasiko da egitaraua. 11:00etan meza izango da komentuan eta, amaieran, hamaiketakoa. 12:00etan, karkabaren aurrean, Erketz dantza taldeak emanaldia egingo du. Arratsaldean, 18:30ean, parodian parte hartzen duten pertsonak udalerriaren erdigunean zehar ibiliko dira desfile tradizional batean, eta 20:00etan hasiko da emanaldia Okendo plazan.

Illarramendik azaldu duenez, aurten, 75. urteurrena dela eta, omenaldia egingo zaie Lasarte-Oriako txistulariei, eta parodia musikala izango da, aldez aurretik egokitutako eta grabatutako abestiekin. “Muntaiak ahalegin gehigarri bat suposatu du, baina urteurren honek merezi duela uste dugu”, adierazi du. Halaber, taldea 55-60 pertsonak osatzen dutela nabarmendu du, guztiak boluntarioak. “Gidoiak, interpretazioa, eszenografia… dena zaleen esku dago, eta ilusio handiz egiten dute”.

Parodiak umorez errepasatzen du urtero bertako gaurkotasuna, eta epaiketa gisa egituratzen da: urtean zehar gertatutako gaitz guztiak leporatzen dizkiete bi pertsonaiari. Azkenean, biak sutzarrera kondenatu dituzte sinbolikoki. “Umoretik egindako satira da, batzuetan garratzagoa, besteetan arinagoa, baina beti errespetuz”, argitu du Illarramendik.

Eguraldi txarra eginez gero, Udalak aldez aurretik jakinaraziko du Kultur Etxera eramaten den ala ez. “Erabakia bihar, asteazkena, hartuko da, beranduenez. Sare sozialei eta komunikabideei adi egoteko eskatzen diegu herritarrei. Ezer esaten ez badugu, beti bezala Okendo plazan izango da”, gogoratu du Txus Alonso zinegotziak.

Azkenik, alkateak eta Ttakuneko ordezkariek eskertu egin dute agertokia muntatzeko teknikariek egindako lana eta festa berezi hau posible egiten duen ahalegin kolektiboa.

Argazkia eta informazioa: Lasarte-Oriako Udala